2. batxilergoko  ikasturteko ENPRESA eta NEGOZIO EREDUEN DISEINUA ikasgaiko ikasleekin, Ormaiztegiko IRIZAR enpresara joan gara. Autobusak egiten dituen sozietate kooperatibo bat da Irizar. Helburua, benetako enpresa bat barrutik ezagutzea da, ekoizpen prozesua bera ere ikusteko aukera izan dugularik.

Zergatik Irizar?

Irizar 1889an sortu zen Ormaiztegin, bere sortzaile Jose Antonio Irizar ekintzaile gipuzkoarraren eskutik. Gurdietarako burdineriaren fabrikazioarekin hasi ziren eta bidaiarien garraioaren mundura eboluzionatzea erabaki zuten ondoren.

Irizar anaiek, 1960. urtean, Sozietate Anonimo izaera eman zioten enpresari, eta 1963.urtean berriz, kooperatiba bihurtu zuten, langileak enpresaren etorkizunean inplikatzeko asmoarekin.

Gaur egun multinazionala da (egoitzak Marokon, Brasilen, Hegoafrikan, Mexikon, eta Asia Pazifikoan dituelarik). Egoitza nagusia Ormaiztegin du, non konbustioko motorra erabiltzen duten autobusak ekoizten darraiten; hiri eta herri barruan erabiltzeko autobus elektrikoak ere egiten dituzte Irizar e-mobility, Irizar taldeak Adunan duen enpresan.